ZURRUNBILO: «SATIRO» Xanti Agirrezabala + «METEO» Miren Narbaiza eta Itziar Garaluce»
«SATIRO» Xanti Agirrezabala
SINOPSIA
Satiroa: Sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia. Gizonezko lizun, likits, zantar eta haragikoia. Basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena. Ardoa edaten, jostatzen eta dantzan ibiltzen zena.
Nik ditut zure desirak, zure nahiak, zure fantasiak, zure erotika. Ni, zu naiz. Dena da haragia, gorputza. Gorputzaren bila zabiltza etengabean. Gorputza baduzu, baina ahaztu egiten duzu, larrosaren usainak larrosa ahazten duen bezala, aurkitu nahian dabilen gorputz batek gorputza aurkitzen duen arte.
Elizak dio gorputza erruduna da
Zientziak dio gorputza makina bat da
Iragarkiak dio gorputza negozioa da
Gorputzak dio: ni FESTA bat naiz.
(Eduardo Galeano)
FITXA
Sortzaile eta interpretea: Xanti Agirrezabala
Kanpoko begirada: Matxalen de Pedro
Sexologia edukia: Ione de la Cruz eta Ane Arenas
Eszenografia: Ekain Arrizabalaga
Jantziteria: Lierni Esnaola eta Mikel San Juan
Musika: Kau Kori Kura “Ola, ola!!”
Teknika: Kulturaz
Argazkiak: Iker Gozategi
Babesleak: Azpeitiko Udala eta Kulturaz koop.
«METEO» Miren Narbaiza eta Itziar Garaluce
Eguneroko albistegi zoroen baitan eguraldiaren iragarpena parentesi baketsu bat da. Munduarekin konektatzen gaitu, naturarekin, eta zenbaitetan, meteorologoen kontakizunak poetikotasuna izaten du borborka: «Goiza hotzetik hasiko dugun arren, iluntzean tenperaturak goxatu egingo dira uda beteko giroa izango dugu». » Paisaia aldatzen hasiko da asteburuan, baliteke zenbait mendi tontor zuritzen hastea. Negua hemen da».» «Iritsi da azkenean lurrak horrenbeste behar zuen euria, soroen egarria asetzera».
Horixe du abiapuntu METEOk, baita emanaldia jantziko duten bi adarrek ere, zuzeneko bisualak eta zuzeneko musikak. Itziar Garaluce irudien arduradun eta Miren Narbaiza musikaren gidari.
Guzti hau gizakiak lurrarekin eta inguratzen duen munduarekin duen harremanaren gainean hausnartzeko aitzakia bat baino ez da.