ZURRUNBILO «ARTXIBO BILUZIA, dokumentAKZIOA lantzeko performance tailerra» Metrokoadroka
«ARTXIBO BILUZIA» Metrokoadroka
DokumentAKZIOA lantzeko performance tailerra Metrokoadrokaren eskutik.
Maiatzak 13 eta 14: 10:00-14:00 eta 15,30-19,30.
*Parte hartzaileek asteburuko ikuskizunetarako sarrera izango dute lehenago abisatuz gero.
SINOPSIA
Metrokoadroka kolektiboak gidatutako tailer honetan “dokumentaKZIOA” izango dugu ardatz: lan dokumentalean oinarritutako performance-laborategia.
Parte hartzaile bakoitzak landu nahi duen gai baten inguruko dokumentazioa izango du abiapuntu. Tailerrean landuko ditugun tresnen bitartez, parte hartzaile bakoitzak bere ekintza diseinatzea izango da helburua. Ekintza hori eszenikoa izan ahal izango da, ala ez. Zentzu horretan, antzerkigileek, beste edozein arte-diziplina lantzen dutenek eta, oro har, interesa duen orok parte hartu ahal izango du.
Tailer hau proiektu zabalago baten parte da, Metrokoadroka kolektiboa Joan Mari Torrealdai Ikerketa Beka jaso ostean gauzatzen ari dena. Euskaldunon Egunkariaren itxieraren harira Torrealdai atxilotu eta torturatu egin zuten, eta poliziak bere artxiboak lapurtu egin zituen. Lapurtutako artxibo haiek karpeta batean imajinatu ditugu, eta hutsik geratutako karpeta hura dokumentu berriekin betetzen saiatuko gara: Metrokoadrokak sortutako lan eszenikoan bildutakoak batetik, Euskal Herriko hiru espazioetan eskainitako formazioetan sortutakoak bestetik. Lehenengo formazioa, Baratza aretoko Zurrunbilo jaialdian izango da.
KONPAINIA
Metrokoadroka Sormen Laborategia Oiartzun eta Errenteria/Oreretako artista sare batek sortu genuen 2008an, helburu honekin: arte eszenikoetan eta arte plastikoetan proiektuak sortzea,
laguntzea eta zabaltzea, beti ere kulturarekiko ikuspegi kritikoari eta esperimentazioari lehentasuna emanez. Diziplina artistiko ezberdinak uztartzea da esperimentazio horren oinarri nagusietako bat.
Arte plastikoei dagokionez, 2014an Oiartzunen zabaldutako EHUNTZE sormen espazioaren baitan gauzatzen dugu hainbat proiektu (sormen laborategiak, mikroerrezitaldiak, “21 aulki” arte zikloa…).
Arte eszenikoei dagokionez, performancea, interdiziplinitatea, poesia fisiko-bisuala eta site specific proiektuak izan dira nagusi gure ibilbidean, hala pieza eszenikoetan nola fomazioetan.
Hauek izan dira gure azken lanak: Zeozertan dabil baina ez dakit zertan (2022), Bidaide (2021), Andrezaharraren manifestua (2020), Txolarte (2020), Aldarri (2019), Zauri Bolodia (2019), Hugo, nor dada Emmy? (2019), Zanbuia! (2018) eta Miss Karaoke (2017).