ZURRUNBILO LARUNBATA
ADI! Neurri berriak direla eta Zurrunbiloko programazioa aurreratu behar dugu.
18:30_Baratza Aretoa
MAITE AIZPURUA «Erresistentzia arazo fisikoa da» zati bat (Antzerkia)
Nola egin saltaka norbere gorputzetik? Korrika ibiltzea abiaduraren azelerazioari, pausu markatuei men egitea da running-aren kulturan. Saltaka egiteko ordea, gorputzaren memoriaren txokoetan gelditzera gonbidatzen gaituen pieza eszenikoa da honakoa. Sententzia medikoak, minak, ibilera okerrak, desirak, ironia eta diziplinamendu ariketak gurutzatzen diren geraleku konkretua arakatzeko parada da honakoa. Erresistentzia intimoak zeharkatu eta disidentziarako eszenatokiak asmatzea “diskapazitatea” kontzeptua barrutik lehertzeko. Makinaren dardara eta mamuak konpartitzea. Azkarrago harrapatzen ei zaio gezurtiari herrenari baino. Ibilian-ibilian baina, egia entrenatzen den gezurra besterik ez da. Martxan dabilen promesa.
TRIPAK «Urruna»
Urruna-k leku berezi bat erakusten du, espeleologo batek, bere linterna ezustean piztuta, mundu arrotz batera argia eramango balu bezala. Igarobide bat agertzen da sumendi aktibo baten magalean. Laba irristatzen da, sumendia dardarka ari da bere zatiak dirdiratuz. Bertako biztanle ohiek, labak irentsita eta harri bihurtuta, osatzen dituzte orain paisaiaren erliebeak. Bizirik dirauen komunitate txiki bat ikus daiteke. Alargunez osatutako koro izerditsua da, neurriz kanpoko egunsenti baten oroitzapena partekatzen duena. Paregabeko egoera horretan, harremanetan daude kiskaldutakoekin, haiekin orain maitekiro, hurrengoan axolagabe eta ikaragarriro jokatuz. Zerbait makabroa nolatan izan daiteke hain hunkigarria?
Giro horretan, berehala zimelduko den lore bat bailitzan, gaixo birjinal bat jaiotzen da. Pertsonaia horrek, berehala liluratuko du bidaiari bat, eta hau betirako geratuko da leize horri so. Biztanleen beldur eta augurioek, eta bidaiariaren maitasun desesperatuaren adierazpenek nolabaiteko erregu baten antza dute… Metal preziatu bat irteten da sumendiaren barrutik. Gertaera hori misterioarekin, atzemanezineko zerbaitekin, soinu berri batekin topo egitea bezalakoa da pertsonaientzat.
TRAILERRA: https://www.youtube.com/watch?v=Hwv25ppPRMA&t=3s