Prozesuan dagoen pieza eszeniko baten atzean gertatzen denarekiko jakin-minik sentitu duzu inoiz? Zein keinu, ideia edo intuiziok bizirauten dute sorkuntzatik eta zeintzuk eraldatu edo desagertzen dira? Idoia Zabaletak bideratutako laborategi honetan, ideia eta bere gauzatzearen artean dagoen lurralde ezegonkor eta emankor horretan murgiltzera gonbidatzen zaitugu.

Topaketa hau Scratxe gauetan beren piezak prozesuan partekatu dituzten artistei zuzenduta dago batez ere. Baina publikoari ere zabaltzen dizkio ateak: prozesuak besaulkitik lagundu dituzten eta hurbilagotik begiratzeko gogoa sentitzen duten pertsona horiei, beste modu batera irakurtzen ikasteko gogoa dutenei.

Azalan garatutako jolasen bidez, bere sormen eta pentsamendu gunean, Idoiak praktika sinple baina oso esanguratsuak proposatzen ditu. Begirada eta entzumena fintzen, sortzaileen artean bidelagun izaten, galderei erantzun azkarrak bilatu gabe eusten erakusten diguten praktikak. Kontua da hor dagoena irakurtzea, ez gure ustez egon beharko lukeena.

Laborategi horretara publiko gisa joateak esan nahi du aldi baterako ikaskuntza-komunitate bateko kide izateko gonbidapena onartzea, non ikusle-rola zabaldu eta eraldatu egiten den. Sortze-prozesuak barrutik bizitzeko, haien konplexutasuna ulertzeko eta, batez ere, artegintzan aritzen diren pertsonen arteko laguntasunaren indarra ezagutzeko aukera paregabea.

📩 Scratxe #20 gauera publiko gisa joateko asmoa baduzu eta laborategi honetara etorri nahi baduzu, idatzi helbide honetara: scratxe@gmail.com. 10 plaza daude.