Eguneroko albistegi zoroen baitan eguraldiaren iragarpena parentesi baketsu bat da. Munduarekin konektatzen gaitu, naturarekin, eta zenbaitetan, meteorologoen kontakizunak poetikotasuna izaten du borborka: «Goiza hotzetik hasiko dugun arren, iluntzean tenperaturak goxatu egingo dira uda beteko giroa izango dugu». «Paisaia aldatzen hasiko da asteburuan, baliteke zenbait mendi tontor zuritzen hastea. Negua hemen da». «Iritsi da azkenean lurrak horrenbeste behar zuen euria, soroen egarria asetzera».

Horixe du abiapuntu METEOk, baita emanaldia jantziko duten bi adarrek ere, zuzeneko bisualak eta zuzeneko musikak. Itziar Garaluce irudien arduradun eta Miren Narbaiza musikaren gidari.

Guzti hau gizakiak lurrarekin eta inguratzen duen munduarekin duen harremanaren gainean hausnartzeko aitzakia bat baino ez da.