Arabako emakume sortzaile garaikideekin mahaingurua
Arte eszeniko garaikideak Arabako emakume sortzaileen eskutik: Amaia Bono, Edurne Azkarate, Marina Suarez eta Josune Velez de Mendizabal.
Zurrunbilo 2024 texto.
Es el sitio para lo de casa y para mostrárselo al mundo.
Arte eszeniko garaikideak Arabako emakume sortzaileen eskutik: Amaia Bono, Edurne Azkarate, Marina Suarez eta Josune Velez de Mendizabal.
Metrokoadroka kolektiboak gidatutako tailer honetan “dokumentaKZIOA” izango dugu ardatz: lan dokumentalean oinarritutako performance-laborategia.
Parte hartzaile bakoitzak landu nahi duen gai baten inguruko dokumentazioa izango du abiapuntu. Tailerrean landuko ditugun tresnen bitartez, parte hartzaile bakoitzak bere ekintza diseinatzea izango da helburua. Ekintza hori eszenikoa izan ahal izango da, ala ez. Zentzu horretan, antzerkigileek, beste edozein arte-diziplina lantzen dutenek eta, oro har, interesa duen orok parte hartu ahal izango du.
Tailer hau proiektu zabalago baten parte da, Metrokoadroka kolektiboa Joan Mari Torrealdai Ikerketa Beka jaso ostean gauzatzen ari dena. Euskaldunon Egunkariaren itxieraren harira Torrealdai atxilotu eta torturatu egin zuten, eta poliziak bere artxiboak lapurtu egin zituen. Lapurtutako artxibo haiek karpeta batean imajinatu ditugu, eta hutsik geratutako karpeta hura dokumentu berriekin betetzen saiatuko gara: Metrokoadrokak sortutako lan eszenikoan bildutakoak batetik, Euskal Herriko hiru espazioetan eskainitako formazioetan sortutakoak bestetik. Lehenengo formazioa, Baratza aretoko Zurrunbilo jaialdian izango da.
«Belarri Prest. Nire lehenengo sortzelan Euskaraz», ikaskuntza prozesua da: Identitatea, Itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografia… Hori guztia euskaldun berrien kontakizunetik, eta hizkuntzaren analisiatik.
Ama hil da, hori da egia. Kantu bat, dantza bat, erritu bat… lore bat eskaini nahiko nioke.
Hildakoei gorazarre egiteko abesten ziren bertsoak dira Eresiak, baina nik jada, ez dut kanturik hildako ama agurtzeko.
Maite dugunaren heriotza datorrenean, zer egin?
Nola agurtu?
Nola begiratu bizitzari?
Maitasuna da akaso guztiaren erantzuna?
Ohiko dolu errituak nahikoak ez direnaren sentsaziotik abiatuta, dispositibo poetikoen bidez bestelako dolu praktika esperimentatzeko xedea nuke, ekintza eszenikoa bera, dolu erritu kolektibo bilakatuz.
Espazio hutsak ez dira beti isilak izaten. Beti gordetzen dute infrasoinuren bat, aspaldiko oihartzunen bat. Emakume batek kutxa handi bati tiraka lapurtzen du espazio hutsa. Zerrek du hainbesteko pisua? Noizbait zerbaiten parte izan ziren objektuek, gaur ezerezean utziak daudenek. Bada kutxa berriro zabaldu eta amets hautsien dantza ospatzeko garaia, zamak baztertu eta arrastaka daramagun kutxak arnas eman diezagun uzteko unea.
Eguneroko albistegi zoroen baitan eguraldiaren iragarpena parentesi baketsu bat da. Munduarekin konektatzen gaitu, naturarekin, eta zenbaitetan, meteorologoen kontakizunak poetikotasuna izaten du borborka: «Goiza hotzetik hasiko dugun arren, iluntzean tenperaturak goxatu egingo dira uda beteko giroa izango dugu». «Paisaia aldatzen hasiko da asteburuan, baliteke zenbait mendi tontor zuritzen hastea. Negua hemen da». «Iritsi da azkenean lurrak horrenbeste behar zuen euria, soroen egarria asetzera».
Horixe du abiapuntu METEOk, baita emanaldia jantziko duten bi adarrek ere, zuzeneko bisualak eta zuzeneko musikak. Itziar Garaluce irudien arduradun eta Miren Narbaiza musikaren gidari.
Satiroa: Sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia. Gizonezko lizun, likits, zantar eta haragikoia. Basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, aker-zangoak, adarrak eta isatsa zituena. Ardoa edaten, jostatzen eta dantzan ibiltzen zena.
Nik ditut zure desirak, zure nahiak, zure fantasiak, zure erotika. Ni, zu naiz. Dena da haragia, gorputza. Gorputzaren bila zabiltza etengabean. Gorputza baduzu, baina ahaztu egiten duzu, larrosaren usainak larrosa ahazten duen bezala, aurkitu nahian dabilen gorputz batek gorputza aurkitzen duen arte.
Urak urtu du iragana. Bihurtu du ur geldo, goitik irudikatutako ur azal.
Eta izkutatzen duen guztia, izkutatzen duelako soilik, da egia.
Uraren Oldea zuzeneko sentikari musikal-bisual bat da, familiako diapositiba zahar batzuk oinarri dituena. Diapositiba hauek uholde bat jasan zuten 1997an, eta urak eraldatu ditu, denborak oroitzapenekin egiten duen bezala. Zinema hedatuaren baitan koka dezakegun pieza honek memoriaz, oroitzapenez, denboraz eta garenaz (edo izateari uzten diogunaz) hitz egin nahi du. Soinua eta musika ere, ahots efektu eta loop-en erabileraz, denboran joan-etorrika dabil, ohartzeko azkenik ez dela besterik oraina baizik.