ZURRUNBILO. Igandea
IXIAR ROZAS & IBON RG “Unisonoa” (Irakurraldi esperimentala)
Unisonoa (Pamiela, 2020; bandcamp, 2020) Ixiar Rozasen bi formadun lana da. Lerrobakarreko poema liburua eta pieza sonoroak. Azken hauek Ainara LeGardon, Ibon RG, Mursego eta Rafael Martínez del Pozorekin lankidetzan sortuak izan dira. Baratza Aretoan irakurraldi esperimentala egingo dute Ibon RG-ek eta Ixiar Rozasek hitza, arnasa, ahotsa, hatsa, hotsa, sonemak eta soinuak erabiliz.
Unisonoa laneko soinu piezetako batzuen aurre- entzuketa:
https://ixiarrozas.bandcamp.com/album/unisonoa
(Pieza guztiak entzuteko Unisonoa liburuan dagoen kode pertsonala behar da)
MUSKULO. Kontzertua
Muskulo taldeak Dejabu panpin laborategiaren “Arrastoak” antzezlanerako sortutako Domino kantuarekin abiatu zuen bere ibilbidea, 2014an. Ondoren etorri ziren “Triku bat errepidean” diska eta Trenplin lehiaketa irabaztea. 2017an 4 kantuko EP bat kaleratu zuten baita “Lau” proiektua martxan jarri ere, 4 zinema zuzendarik kantu bakoitzari bideoklip bana sortu ziotelarik. Existitzen ez diren filmen soinu bandak egiten dituztela esan zuen behin haien lagun batek eta, musika definitu edo deskribatzea ariketa zaila edo ezdeusa izan daitekeen arren, haien kantuetan paisaia lehor malenkoniatsuak, pertsonaia xelebreen hainbat komeria edo dramak irudikatu ditzakegula esatera ausartuko gara. Geroztik hainbat herri eta aretoetanizan dira eta 2019a diska berrirako kantuak sortzeko baliatu dute, 2020an argitaratu duten “Esan gabe doa” hain zuzen ere.
Ander Fernandez: Gitarrak, klarinetea, sintea eta balalaika. Iker Fernandez: Tronpeta eta ahotsa. Oskar Morán: Bateria, perkusioa, midi teklatua, eltze, zartai eta zerbeza lata irekierak. Oscar Manso: Baxua, eltze eta zartaiak.