ANDONI MUTILOA: Esnatu naiz Kabareta
Elurrek Londresko The Pink Flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urtera arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du baserritar euskaldun honek trans kolektiboko modako artista izatea Londresen? Zer bizipen izan ditu Elurrek azken 10 urte hauetan? Eta zergatik da Beyoncé guzti honen erruduna?
Esnatu Naiz antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen showa da. Identitatea, giza-harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten digu.
Ikuskizun honek kontatzen digun istorioa xelebrea izan arren, galdera sakona proposatzen digu: gure nortasuna eta gure bizimodua bat al datoz? Beste modu batean galdetuta: gure nahiek, beharrek eta ametsek zer leku dute gure egunerokoan? Gizartean errotuta dauden hainbat ohitura eta arau zalantzan jartzeaz gain, LGBTI+ komunitatearen eskubideen aldeko mezua zabaldu nahi dugu obra honen bitartez.
ANDONI MUTILOA
Andoni Mutiloa (Hernani, 1976ko abuztuaren 17a) kazetaria eta sortzailea da. Irratian lan egin du batez ere, Gaztean eta Euskadi Irratian. Azken urteetan antzerkigintzan eta dantzan buru-belarri sartu da eta lan horren emaitza da Esnatu Naiz kabareta.